2026/07/21.
![]() |
| Udala eta AFAGIko ordezkariak hitzaremana sinatzen, 2023ko ekainean |
Arreta psikosoziala eta estimulazio kognitiboko tailerra Oñatin eskaintzen jarraituko du AFAGIk
Uztailaren 31an iraungiko da Udalak eta AFAGI elkarteak 2023an izenpetu zuten lehen lankidetza hitzarmena. Hiru urte hauetan zehar AFAGIK Oñatira ekarri ditu beste udalerri batzuetan eskaintzen zituen jarduerak: aholkularitza, arreta psikosoziala eta estimulazio kognitiboko tailerrak, Alzheimer gaixotasuna edo beste dementzia batzuk hasierako fasean dituzten pertsonentzat.
Lehen hitzarmen haren babesean Oñatiko herritarrek estimulazio kognitiboko tailerrean parte hartzeko aukera izan dute, herrian bertan, bi orduz eta astean bitan. Tailerrek harrera oso ona izan dute, azken bi urteetan 10 kideko taldea aritu da eta itxaron zerrenda ere izan dute. Era berean, arreta psikosoziala eskaini zaie Alzheimerra edo beste motako dementzia duten herritarrei eta haien familiei. Bigarren jarduera honek ez du tailerren mailako arrakastarik izan baina eskaintzen jarraitzeko asmoa dago. Udala eta AFAGIren arteko lehen hitzarmena baloratuta eta Alzheimer gaixo eta familien Gipuzkoako elkarteak eskaintzen dituen aukerak herritarrentzat onuragarriak direla ondorioztatuta, hitzarmen berria sinatzea onartu zen maiatzeko Osoko Bilkuran. Beste hiru urtetarako hitzarmena izango da, 2029ko uztailaren 31ra arte. AFAGIk, Oñatiko gaixo eta familiei aholkularitza, laguntza eta tailerrak eskaintzen jarraituko du herrian eta Udalak 40.800 euroko ekarpena egingo dio elkarteari, 13.600 euro urteko.
Oñatin detekzioa egiten jarraituko da, gaixoak tailerretara bideratzeko helburuz. Tailerrean ditugun ahalmen kognitiboak sustatzen eta mantentzen dituen ekintzak biltzen dira, Alzheimerra duen pertsonaren bizi-kalitatea hobetzeko eta gaixotasuna moteltzeko, ahal den neurrian. Arreta, memoria, hizkuntza eta funtzio ejekutiboak lantzen dira ariketa ezberdinak eginez. Astean bi egunetan egiten dira tailer hauek. Familiei aholkularitza eta laguntza ere emango zaie.
AFAGIren bulego nagusiak Donostian daude baina Gipuzkoako hainbat herritan eskaintzen dituzte arreta psikosoziala eta estimulazio kognitibo tailerrak, Oñatin bezala, Zarautzen, Errenterian, Tolosan, Ordizian, Eibarren edota Arrasaten, esaterako.
Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios.:
Publicar un comentario