2025/07/22.
Egurki enpresako langileak hasi berri dira Olakuako putzua prestatzen, urmaelaren inguruko burdinazko hesia kenduta. Izan ere, ur hornidura sarea lurperatu, putzuaren oinarria hormigoiz estali eta anfiteatro itxurako egonleku mailakatuak egokituko baitira garai batean ahateentzat urmaela zenekoan.
Izarraizpe Paisajistak enpresak osatu duen proiektuaren arabera, urmaela urez hustu da eta Bidaurretaraino doan ur kanala lurperatu egingo da, putzuaren oinarria egonleku bihurtuko da eta inguruko jolaslekuarekin integratuko da. Urmaelaren zorua hormigoi inpresoz estaliko da, mailakatutako terraza moduko egonlekuak sortuko dira eta inguruko lorategi eta jolasgunearekin integratuko da, pasabide eta landaketa berriak egingo dira, parkearen izaera indartuz. Urmaelaren gaineko zubia mantenduko da, honek jolasgunearen gainaldeko bidearekin osatzen duen pasabide-gurutzea gordez, San Andres kooperatibako ordezkariek eskatu bezala. Parke berria topagune atsegin eta irisgarria izatea da helburua. Esku-hartze honekin, azken urteotan kezka-iturri bihurtu diren arratoiekin eta zikinkeriarekin amaitu nahi da, inguruaren irisgarritasuna hobetzearekin batera.
Lanak egiteko lizitaziora bi enpresa aurkeztu ziren eta eskaintza ekonomiko merkeena egin zuen Egurkik eskuratu du kontratua, 80.089 eurotan. Hau da, Udalak zehaztutako gehienezkoa 20.000 eurotan merkatuta. Lanak egiteko 8 asteko epea izango du. Dena den, lanak osatzeko aurreikusi diren hainbat landaketa udazkenerako utziko dira, garai hobea delakoan.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios.:
Publicar un comentario