Amaia Erostarbek zinegotzi kargua utziko du hilaren 23ko osoko bilkuran
![]() |
| Amaia Erostarbe. (Argazkia: Oñatiko EAJ) |
2026ko uztailaren 16a
Hausnartutako erabakia izan dela adierazi du ohar bidez EAJko zinegotziak eta gaineratu proiektu kolektiboak taldean eraikitzen direnean "indartsuagoak" izan ohi direla.
Amaia Erostarbe Letamendik Oñatiko Udaleko zinegotzi-akta eta EAJko bozeramaile kargua utziko ditu uztailaren 23ko ohiko ohiko bilkuran. Erabakiak Oñatiko EAJrekin eta udal taldearekin landutako hausnarketa partekatu bati erantzuten dio, bidalitako prentsa oharrak jasotzen duenez, "proiektu politikoek pertsonengandik gertu lan egiteko gai direnean aurrera egiten duten" uste sendoarekin. "Proiektu kolektiboak indartsuagoak izan ohi dira taldean eraikitzen direnean", nabarmendu du Amaia Erostarbek.
"Asko hausnartutako erabakia" izan dela dio Erostarbek oharrean. Dio alderdian beti ulertu dutela "handiagoak" direla "talde gisa" lan egiten dutenean "eta pertsona bakoitzak dagokion lekutik ekarpenak egiten dituenean. Jeltzaleek proiektuaren "indarra" osatzen duten kideengan dagoela ere badio, "baita gure bizilagunei haien kezkak eta beharrak entzuten jarraitzeko gaitasunean eta oñatiarren beharrok asetzeko eta haien bizi-kalitatea hobetuz joateko irtenbiderik onenak aurkitzeko saiakeran ere". Alderdiari lotuta jarraituko duela gaineratu du Erostarbek, eta eskerrak eman dizkie oñatiarrei, urte hauetan "erakutsitako errespetuagatik eta emandako konfiantzagatik eta babesagatik". Eta gaineratu du: "Pribilegioa izan da Oñatiren eta bertako bizilagunen alde lan egin ahal izatea; bizi-esperientzia ere bai".
Udalbatzako kide izan da Erostarbe azken hamaika urteetan, eta zinegotzi-lanetan, jardun du 2015eko ekainetik; azken hiru urteetan bere gain hartu du Oñatiko EAJren udal-bozeramaile izateko erantzukizuna. Oñatiko EAJk balioa eman dio horri guztiari eta eskerrak eman aldi honetako "dedikazioagatik, konpromisoagatik eta lanagatik", baita udal-taldeari eta udalerri osoari egindako ekarpenagatik. Gehitu du bere lana EAJren ibilbide humanistikoarekin bat datorrela, "pertsonak jarduera politikoaren erdigunean jartzen dituen ibilbidearekin".

No hay comentarios.:
Publicar un comentario