Oñatin Korrikaren 45. urteurren dela-eta egindako ekitaldian euskararen aldeko lasterketa «antolatzeko arrazoiak» bere horretan mantentzen direla ohartarazi dute

https://www.diariovasco.com/gipuzkoa/euskarari-pizkunde-berri-bat-emateko-unea-dela-20251129133414-nt.html
Jon Agirre
Donostia
Sábado, 29 de noviembre 2025, 13:34
Tipi-tapa 45 urte darama Korrikak euskararen aldeko aldarriak kalera eramaten, «euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta helduen euskalduntzea lehen lerrora ekartzeko» eskatuz, eta larunbat honetan AEK-k lasterketaren sortzaileei gorazarre egin nahi izan die. Baina baita, zoritxarrez, ia mende erdi geroago Korrika «antolatzeko arrazoiak» bere horretan mantentzen direla eta hala jarraituko duela euskalduntzea eta alfabetatzea lehen lerroan ipini arte. «Ez gero, orain baizik. Euskarari pizkunde berri bat emateko unea da», azpimarratu dute Oñatiko Unibertsitatean.
Eguerdiarekin hasitako 'Ez gero, orain baizik' ekitaldia abiatzeko Xabier Amurizak lehendabiziko Korrikaren koplak abestu ditu. Jarraian mintzatu da Ane Elordi Korrika arduraduna. Urteurrenaren harira «zer ospatu» badela esan du, baita nori ere: «Urtsa Errazti, Joseba Kanpo, Enrike Ibabe, Josepe Zuazo, Alvaro Gurrea... Orduko AEK kide guztiei ere esker ona adierazi nahi diet: Julen Kaltzada, Bittor Allende... baita lehenengo Korrika hartan protagonista izan zirenei ere: Xabier Amurizari, Korrikaren lehendabiziko kantaren sortzailea; Remigio Mendibururi, lekukoaren egilea; Eli Galdosi eta Jose Maria Satrustegiri, 0 kilometroa korritu zutenak...», zerrendatu du.
Jai-giroak, aldiz, Elordik esan bezala, ezin du «ezkutatu zoritxarrez, oraindik, 45 urte eta 23 Korrika geroago, Korrika antolatzeko beharrizan berberak» dituela AEK-k: «euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta dirua biltzea AEKren eguneroko lana indartzeko. Ez gara folklore», oroitu du. Ildo berean mintzatu da Aize Otaño, AEKren Nazio Kontseiluko kidea. «Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa erdiesteko euskaltzaleok elkartzeko eta indarrak batzeko unea da, presa ere badugu». Hala, eskua luzatu die instituzioei «euskarak ez duelako dagokion berdintasunezko ofizialtasun-estatusik bere lurralde guztietan». EAEn, «ofiziala» izanik pairatzen duen «oldarraldi judizial, ideologiko eta politikoa» gogor kritikatu dute.
Gauzak horrela, 1980ko hamarkadan egin bezala, euskarari «pizkunde berri bat» ematera deitu dute, baita abenduaren 27an Euskalgintzaren Kontseiluak Bilboko Bilbao Arenara egindakora biltzekoa ere.
Azkenik, alfabetatze eta euskalduntzea sektoreari buruzko AEKren hiru eskariak oroitu dituzte: «Euskal Herri osoa hartuko duen egitura egonkor eta iraunkor bakarra» sortzea, doakotasuneranzko bidean urrats sendoagoak emateko konpromisoa eta euskara ezagutzeko beharra sustatzea.
No hay comentarios.:
Publicar un comentario