Arrikruzko lehoia
Lehoi baten inguruko memoriak.
Liburu hau benetako gertakizun batean oinarrituta dago. Arantzazuko bi seminarista gaztek Arrikrutzen leizeetako lehoiaren hezurdura ezustean aurkitu eta berehala galdu egin ziren. Lehoiaren mendekua ote? Hamabi ordu luze leizeko barrunberik sakonenean pasatu zituzten, handik irten ezinik. Denbora aurrera joan ahala eta inor haien bila joaten ez zela ikusita, estutasuna, beldurra, izua egin zen haien jabe. Entzumenezko haluzinazioak ere izan zituzten eta eromenaren eremu lausoan sartu ez sartu egon ziren, etsipenaren atzapar gaiztoak haien itxaropena bahitzea lortu zuen arte. Bizirik ateratzeko esperantzaren argi meharra itzaltzen ari zenean, adar salbatzailearen deiadarra entzun zuten barrunbe ilunean. Beethovenen sinfoniarik ederrena baino doinu gozoagoa izan zen haientzat adarraren durundia.
Arrikrutz-Oñatiko Kobak
Arrikrutz, Arantzazu eta Araotz auzoen artean kokatutako kobazuloa, bere dimentsioengatik da garrantzitsua, eta Gesaltza-Arrikrutz-Gesarribe koba multzoa osatzen du.
Baina Arrikrutzen ez da tamaina ezaugarri garrantzitsu bakarra, Gipuzkoako luzeena eta Euskal Herriko luzeenetakoa izan arren. Paleontologia aldetik gune aberatsa da, Euskal Herrian bizitako faunaren adierazle.
Arrikruzko lehoia
Arrikrutzen, denetariko hezurdurak aurkitu dira; besteak beste, errinozero iletsuarena (Coelodonta antiquitatis), leize hienarena (Crocuta crocuta spelaea) eta orein erraldoiaren aztarnak (Megaloceros giganteus), eta leize-hartzaren hezur ugari (Ursus spelaeus). Baina Arrikrutzen ezagunena bertako leize-lehoia da (Panthera spelaea), hezurdura osoa aurkitu baitzen bertan. Aipatzekoa da iberiar penintsulan lehenengo aurkikuntza eta bakarra izan zela, duela gutxi arte, eta Europan hirugarrena. 2017an La Garma-ko kobazuloan (Kantabrian) beste aurkikuntza askoren artean leize-lehoi heldu baten hezurdura osoa aurkitu omen zuten.
Duela 2.000.000 urtetik 11.000ra bitarte bizi izan zen leize-lehoia. Holozenoan sartzerakoan, klima aldaketarekin, animalia espezie asko galdu ziren, tartean leize-lehoia.
Gaur egun lehoiak Afrikako sabanarekin lotzen baditugu ere, Eurasian eta Ipar Amerikan ere bizi izan ziren Pleistozenoan. Europan, zazpiehun mila urte dituzte lehoi-fosil zaharrenek. Lehoi eurasiar horiek, “leize-lehoia” (Panthera spelaea) deritzon espeziekoak, gaur egungoak baino handiagoak ziren, eta hainbat ekosistematan bizi izan ziren une glaziar zein interglaziarretan. Gure arbasoak felido handi horiekin bizi izan ziren, haitzulo askotako hormetan marraztu edo grabatu zituzten eta estatua txiki batzuetan irudikatu. Irudi horiei esker badakigu arrek adatsik ez zutela, edota, izatekotan, oso txikia zutela. Zergatik desagertu ziren ez dakigu, baina azken glaziazioaren amaierako klima-aldaketak eta giza ehizak zerikusia izan dezakete desagertze horretan.
Lehoia protagonista
Arrikruzko lehoi-eskeletoa iberiar penintsulako osoena da. 1966an aurkitu zen eta Jesus Altunak aztertu zuen. Gurutzeraino gutxi gorabehera 1-1,2 m-ko altuera zeukala uste da, eta 250 kg-ko pisua. Handi-handia zen, egungo arren batezbestekoaren gainetik, baina halere ez zen handienetako bat, Arrikruzko Larraiotz galerian 330 kg-ko lehoi baten izterrezurra topatu zelako.
50. urteurrena aurrera zihoala, Gordailutik Burgoserako bidaia egin zuen Arrikruzko lehoiak eta ikerketa baten ondoren “Arrikrutz lehoia” erakusketa martxan jarri zen. Gainera, ikus-entzunezko bat ere bada, lehoiaren aurkikuntzaren ingurukoa.
No hay comentarios.:
Publicar un comentario